Gipuzkoa Garbia adierazpena

Gipuzkoako udaletako eta Batzar Nagusietako EAJko ordezkariok, Gipuzkoako Lurralde Historikoan hondakinen kudeaketaren inguruan piztu den eztabaidaren aurrean, eta Ezker Abertzalea herritarren hitzari jaramonik egin gabe gure kaleetako zaborra jasotzeko atez ateko sistema inposatzen ari dela ikusita, gipuzkoar gizartearen aurrean Gipuzkoa Garbia deituriko ekimen berria aurkeztu nahi dugu.

Gipuzkoa Garbia ondorengo printzipioekin konprometitutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusietako eta udaletako EAJko ordezkariok osatzen dugu:
  1. Gure konpromisoa azaltzen dugu ingurugiroaren defentsaren alde, eta horretarako, gure hondakinen kudeaketa integrala modurik jasangarrienean gauzatzeko honako ekintzak bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu:
    • Prebentzioa, abiapuntu nagusi bezala. Sortzen ez dena da hondakinik onena.
    • Birziklapena.
    • Konpostajea eta berrerabilpena.
  2. Gipuzkoako gizarteak erakutsi du dagoeneko badakiela bere hondakinak modu zuzenean kudeatzen, inposaketan oinarritzen diren bilketa selektiborako sistemak martxan jarri beharrik gabe. Birziklapen tasen etengabeko hobekuntzak frogatzen du kontzientziazioa, heziketa eta pedagogia direla honakinen birziklapena bultzatzen eta emaitzak hobetzen jarraitzeko hartu beharreko bidea, edukiontzien bitartez.
  3. Bide horretan, erakunde publikoen egitekoak berebiziko garrantzia dauka. Horrenbestez, herritarren sentsibilizazioa handitzen jarraitzeko neurriak eta egitasmoak bultzatu behar dituzte etengabe, birziklatzen dutenei abantailak eta pizgarriak eskaintzeaz gain. Hondakinen prebentzioa eta birziklapena hobetzeko ahaleginek kontzientziazioa eta heziketa izan behar dituzte abiapuntu, eta sekulan ez inposaketa. Hondakinen kudeaketa jendarte osoari eragiten dion afera izanik, hankasartzea izango litzateke jendartea aintzat hartzen ez duen konponbidea bilatzea. 
  4. Hondakinak edukiontzien bitartez biltzea defenditzen dugu. Azken urteetan zehar, inbertsio garrantzitsua egin da logistikan, garraioan eta bilketan, erakutsiz sistema honek behar bezala funtzionatzen duela, garbiena dela, eta herritarren gehiengoaren onarpena daukala. Are gehiago, berriki Gipuzkoako herri desberdinetan aurrera eraman diren esperientzia pilotuek frogatu dute, edukiontzien kudeaketa egoki batekin eta herritarren borondatezko partaidetzarekin, atez ateko sistemarekin baino emaitza hobeak lor daitezkeela.
  5. Ez dugu onartzen Gipuzkoan birziklapena atez atekoaren gisako sistema zikin, zaharkitu eta inposaketan oinarritutakoaekin garatzea. Garestiagoak ere badira eta edukiontziekin orain arte egindako inbertsioa indargabetuko lukete.
 
Gipuzkoa Garbia hondakinen kudeaketan Gipuzkoa jasangarri baten alde lanean aritzeko nahiarekin sortzen da, lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean. Horretarako, printzipio hauetan oinarrituko du bere egitekoa:

a)  Zorroztasuna eta gardentasuna bermatu herritarrei ematen zaien informazioan. Gure zaborrak tratatzeko dauden sistema desberdinen inguruan zabaltzen diren gezurrak eta demagogia baztertu nahi ditugu, datu eta araudi kontrastagarri eta benetakoekin.
b)   Hondakinek kudeaketan herrialderik aurreratuenen eta gehien birziklatzen dutenen eredua jarraitu (Ipar Europakoak), eta gure hondakinak modu egokian kudeatzeko Europar Zuzentarauak betetzen direla bermatu. 
c)   Europar araudietan finkatutakoa jarraiki, Gipuzkoan gaur egun ditugun hiru hiri-zabortegiak berehala ixteko exijitzea, zabortegiak baitira konponbiderik txarrena eta ez-jasangarriena, ingurugiroaren, ekonomiaren eta jendartean ikuspegitik.
 
Guzti hori dela-eta, Gipuzkoako gizartearen aurrean LAU KONPROMISO HAUEK BERRESTEN DITUGU:
  1. Atez ateko bilketa sistemari uko egiten diogu, eta edukiontzien aldeko apustua egiten dugu, birziklapen jasangarrian oinarritutako bilketa selektiboan aurrera egiteko modurik onena dela uste dugulako. Gure ustetan, edukiontzietan aurkeztu diren hobekuntzak (txarteldun edukiontziak, etabar.) dira sistema horretan sakontzeko eta hobetzen jarraitzeko bidea.
  2. Herritarren iritzia aintzat hartu gabe atez ateko sistemaren inposaketari uko egiten diogu, bai herrietan, eta baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkatutako gehiengo borondatearen aurka. Hondakinen kudeaketa sistemaren plangintza Gipuzkoako Batzar Nagusiei dagokie. 
  3. Zabortegi berriak zabaltzea baztertu eta gaitzesten dugu, ez dutelako ingurugiroa errespetatzen, eta Europar Batasuneko herri gehienetan egiten ari direnari jarraituz, errausketa bidezko balorizazio energetikoaren aldeko apustua egiten dugu birziklatu ezin diren hondakinen kasuan.  
  4. Gardentasunaren, informazioaren, ingurugiroarekiko sentsibilizazioaren eta elkarrizketaren alde egiten dugu kudeaketa publikoan sortutako arazoak herritarrekin konpontzerakoan, eta herritarrak heldugabetzat jotzea eta afera hau politikoki erabili nahi izatea errefusatzen dugu. 
 
Ekimen honen bitartez, eztabaida eta informazio ekintzak eramango ditugu aurrera Gipuzkoako herrietan, eta era berean, beharrezko ekimen politiko guztiak gauzatuko ditugu aipatutako lau konpromisoetan adierazitako printzipioak betetzen direla ziurtatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario